Su Grekoa abestia kaleratu du Argazki Bat Behelainoanek

ekainak 15, 2023 | arkaitz

Argazki Bat Behelainoanek, Arkaitz Artola auzokidearen maskara musikalak, “Su Grekoa” abestia argitaratu du “Segurtasun Eza” (Bonberenea Ekintzak) bere diska berriaren aurrerapen gisa.

ARGAZKI. Ustezko segurtasuna da, harrapatu orduko alde egin duen unea. Ehizaki iheskorra. Argazki bilduma batekin aldera daiteke album honek biltzen duen musika, baso zingiratsuak gordetzen duen poetika. Post-rock eremu zabaletan dabiltza doinuok, askotariko giro, gordeleku eta zirrikituetan barrena. 2005ean abiatu zen egitasmoa: hasieran argazki argitsu eta akustikoak zirenak (DIY moduan plazaratuak), ontze prozesuan ilundu eta distortsionatu dira, album honetan sartu eta argitara ateratzeko unea heldu zaien arte.

BAT. Anizkoitza da, bere bakartasunean, egitasmo honen sorburua: Arkaitz Artola Arnaiz. Behinola Adikune taldean aritua, hura da proiektu honetako hari gidaria; kantugilea, hitzen idazlea eta kantaria. Haren eskuek jotzen dituzte, halaber, baxu eta gitarra riff segida errepikariak. Doinu atmosferikoak dira, hitzekin edo hitzik gabe, giro aldakorrak garatzen dituztenak. Bilatzaile asegaitzaren antzera, aurkitu duen horren bila segitzen du Artolak. Bide luzean, zenbait bidaide batu zaizkio: ZuriƱe Sarasola teklatuetan, besteak beste. 2022an, Iker Vazquez (Blaka, Pelax) eta bere bateriaren laguntzaz, hainbat urtez ondutako doinuen ertzak borobildu zituzten.

BEHELAINOAN. Zer ezkutatzen duen ez du ikusten uzten laino itsuak, behe lainoak. Orduan has daiteke entzulea bere ezkutukoa aditzen. 2023ko martxotik apirilera, Karlos Osinagaren gidaritzapean, Bonberenean grabatu eta nahastu da estudioko lehen lan luzea: Segurtasun eza. Masterizazioa Jonan Ordorikak egin du, eta Bonberenea Ekintzak-en eskutik aterako da argitara urriaren 5ean. Garatzen, errebelatzen ari den antzinako argazkiaren gisara, norberak elikatu beharreko zuriune harraparia da irudi bizi hau: Argazki Bat Behelainoan.


Argazkia: Pelax
Azaleko argazkia: Ekaitz Zilarmendi
Azalpen testua: Ion Olano Carlos

Bildumako abestiak:

01 Ase Arte
02 Segurtasun Eza
03 Su Grekoa
04 Berdin Dio Zer Entzuten Duzun, Ez Ireki Begiak 05 Zuriuneak
06 Bye Bye Woof Woof!
07 Zuriuneak II

SU GREKOA:

su grekoan, su izkutuan kixkali ginen, erraustu ginen.
herri baten itsasbehera, bizitza urrundu zen, egia urrundu zen. gorrotoa ta heriotza ailatu ziren, aliatu ziren.
herri baten itsasgora, bizitza estali zen, egia estali zen. historia harresiak eraiki ziren, ausartu ziren.
harria.
herri baten itsabehera, historia harresiak eraiki ziren, ausartu ziren. su grekoan, su izkutuan, kixkali ginen, erraustu ginen.

Kontaktua:
688 645 452 Arkaitz

argazkibat@ni.eus

info@bonberenea.com

Bandcamp orrialdea

arkaitz

Argazki Bat Behelainoan, Gora Egia! eta Gordegiako kidea eta auzoko soinu ekipoaren kudeatzailea

Utzi erantzuna