Gordegia (EBA32)
urtarrilak 9, 2023 | Egia Bizirik
(Egia Bizirik Aldizkaria 32)
Gure taldeak bere laugarren urtea betetzeko bidean jarraitzen du, ttirriki-ttarraka. 2022. honetan ere ez ditugu gure asmo guztiak bete –hizketan hasi eta batzuetan berotu egiten gara–, baina atera dira ekimen politak:
- Maiatzean, 36ko gerran auzoan gertatutako gorabeherak kontatzeko, ibilbide bat antolatu genuen, Josetxo Otegik gidatuta.
- Ekain aldera “Txurrutala” liburuaren bigarren edizioa atera genuen.
- Porrontxoetan, jaiei buruzko argazki- eta txartel-erakusketa jarri zen Plaza Haundin.
- Azaroan, 2023ko egutegia atera eta auzoko denda eta tabernetan jarri genuen salgai.
- Egutegiaren aitzakiarekin, Fernando Postigo argazkilariak hitzaldia eman zuen Teila Fabrikan.
- Azaroan hasita, unibertsitateko praktikalari batekin, auzoko euskalduntze-prozesua aztertzen ari gara.
- Abendu-urtarrilean, auzoko umeek Egiako historia ezagutzeko, unitate didaktiko bat sortu dugu HEZTEN aisialdi-taldeak eta Antxetak lagunduta, eta, ondo ateratzen bada, Maria Reina eta Aitor ikastetxeetako curriculumean txertatu nahiko genuke.
Horrez gain, gure webgunea osatzen eta hobetzen jarraitzen dugu, eta horretarako, beti bezala, zuen ekarpenekin zain gaude.
ANIMATU ETA BIDALI ZUEN ARGAZKIAK WEBGUNERA!
Egia Bizirik
Egiako Auzo Elkartea