Blas de Otero plazaren inguruan gertatutakoari buruzko hausnarketa bateratua
azaroak 18, 2021 | Ongi Etorri Eskolara
Auzoko bizilagun, elkarte eta eragileok:
Azken hilabeteetan egoera gatazkatsuak eman dira bai Blas de Otero plazako bizilagunentzat (Atotxako dorrea, Egia) baita bertara joaten diren gazteentzat ere.
Gertakarien harira, testua sinatzen dugun eragileok gertatutakoaren inguruko hausnarketa hau egiten dugu. Izan ere, orain arte irakurritakoak eta atera diren kontrastatu gabeko informazioek kezka sorrarazi digute egoerak har dezaken norabidearekiko.
Honako eragileetatik, auzoan ematen ari diren zenbait gertakari (lapurketak, mehatxuak…) onartezinak direla uste dugu eta bizilagunengan segurtasun eza eragitea ulertzen dugu.
Bestalde, hedabide batzuek egoera baliatuz hartutako jarrera arrazistak salatzen ditugu. Beraien egunkari eta sareetan gezurrak nahiz kontrastatu gabeko datu eta informazioak ipini dituzte, errua eta ardura guztia kolektibo baten gain utziz eta egoera zaurgarrienean daudenen kontrako zurrumurru arrazistak zabaltzen kolaboratuz.
Horren aurrean, testua sinatzen dugun eragileetatik, beharrezkoa ikusten dugu baliabide eta irtenbide politiko eta komunitarioak bilatzea. Horretarako, egoera modu globalean eta sistemaren egiturazko arazo baten gisan ulertu behar dugu. Esan beharrik ez dago halako egiturazko arazoek egiturazko konponbide bat behar dutela ezinbestean.
Egia auzo seguru baten aldeko lana bizilagun guztien eskubideak bermatzetik abiatzen dela uste dugu, bizilagunon jatorria edozein izanda ere. Honako eskubideak bermatzearen ardura administrazio publikoaren betebeharra dela uste dugu, ez soilik polizia eta segurtasun kamera gehiago jarriz, baizik eta etxebizitza duina, oinarrizko elikadura, osasun zerbitzu egokiak edota urbanistikoki bizigarriak diren espazioak eskainiz.
Argi utzi nahi dugu, migrazioak eta kultur aniztasunak ez dakarrela segurtasun eza auzoan, baizik eta goian aipatutako oinarrizko eskubideak bermatuta ez edukitzeak.
Hau honela izanik, bizilagun guztion ardura da zurrumurru arrazistak etetea eta honako egoeren aurrean udalak dagokion erantzuna eman dezan exijitzeko gure artean antolatu eta saretzea.
Testua honako eragileek sinatzen dugu:
Egia Bizirik Auzo Elkartea · Emaus Gizarte Fundazioa · Elkarrekin kooperatiba txikia · Hiritarron Harrera Sarea · Sos Arrazakeria · Artaziak Kooperatiba · Egia 22 Etxebizitza Asanblada · Antxeta Ttanttakun Aisialdi Elkartea · Darkum Elkartea · Eihera Kooperatiba · Donostiako Bilgune Feminista · Egiako Afari Solidarioak · Egiako Azoka Txikia · Ernai Egia Gazte Antolakundea · Egiako Literatur Solasaldiak · Latxaga Guraso Elkarteko Batzorde Iraunkorra · Aitor Ikastolako Kulturarteko Talde Eragilea · Bidez Bide · Gordegia · TAU Fundazioa ·Egiako Kantu jira · Teila Fabrika · Porrontxo Jaiak · Aitor Ikastolako Eskola Kontseilua · Farapi Kooperatiba