AUZOA ETA AUZOTARRON BIZITZAK EZ DAUDE SALGAI Iazko abenduaren amaieran izan genuen Egiako auzotarrok Egia 22ko bizilagunen egoeraren berri, Egia Bizirik auzo elkarteak eta Maizterren Sindikatuak deituriko asanblada ireki batean. Egoeraren berri nola izan zuten kontatu zigun Maizterren sindikatuko kide batek bertan: “Duela urte erdi inguru, sindikatutik hiriko jabetza bertikalen jarraipena egiteko kanpaina bat hasi genuen. Jarraipen horren baitan, aholkularitza kolektiboa eskaini genuen, eta Egia kaleko 22. zenbakiko bizilagunetako bat etorri zitzaigun. Esan zigunez, SAREBek gutxienez 4 etxebizitza erosi zituen bere blokean, eta ez zuten haien alokairuaren egoeraren inguruko inolako erantzunik jasotzen, ez SAREBen eskutik, ezta etxebizitza horien kudeaketaren arduradun zen Haya Real Estate-ren eskutik ere. Berehala konturatu isilpeko etxegabetze baten aurrean geundela: putre funtsek egindako praktika bat, oraingoan enpresa publiko baten eskutik, Espainiako gobernuak zuzendua, eta zergadunon diruarekin finantzatua, kaltetutako bizilagunena barne.”. Kaltetutako maizterrek euren ziurgabetasun eta egoera etsigarria konpartitu zuten bizilagunokin: “Egia 22ko eraikinean, 4 familia bizi gara, Haya Real Estate inmobiliariaren bidez, SAREBi alokatutako etxebizitzetan, eta bertako bizilagunok pairatzen ari garen desolazio, abandonu eta desinformazio egoera salatu nahi dugu.Familia guzti horien artean, 87 urteko emakume bat dugu. Kontratua 2020 urrian amaitu zitzaion eta, hilero alokairua ordaintzen jarraitzen badu ere, ez du erantzunik jaso ez SAREBen esta inmobiliaren aldetik. Bestalde, adin txikiko bi haur dituen familia bati aurtengo irailean amaituko zaio kontratua amaiera honek ikasturtearen hasierarekin egingo du bat eta ez dakite haurrak non matrikulatu behar dituzten. Azkenik, beste bikote bati 2022ko martxoan amaituko zaio alokairu kontratua.” Asanblada hartan azaleratutako kezka eta egoerari aurre egiteko borondatetik sortu zen EGIA 22KO ETXEBIZITZA ASANBLADA; kaltetutako bizilagunak babestu, eta merkantilizazio eta espekulazioaren aurrean etxebizitza eskubidea defendatzeko helburuarekin. Auzoan gaia gizarteratzen hainbat hilabete eman ostean, eta SAREBen kudeatzaileek bizilagunen eskariei irtenbide egoki bat emateko azaldutako borondate eza dela eta, datozen asteetan garatu behar ditugun hainbat ekimen zabaldu genituen, pasa den astearteko Udaletxeko prensa aretoan emandako prentsaurrekoan. Hauen bidez, SAREB gurekin hitz egiteko prest azaldu dadin lortu nahi dugu, eta baita auzoko gizarte-, kultura-, zein gazte-kolektiboek sinatu duten EGIA 22KO AUZO AKORDIOAN jasotako eskaerak onartu ditzala ere. Akordioan, konponbiderako gakoak mahaigaineratzeaz gain, gobernu taldeari, eta bereziki hiriko alkate den Eneko Goiari, gatazkaren konponbidean zuzenean inplikatu dadin eskatzen diogu. Horrez gain, Egiako bizilagunei zein Donostiako herritarrei apirilaren 30ean egingo dugun mobilizaziora batu daitezen dei egiten diegu. Egiako hogei bat eragilek sinatu dute EGIA 22 AUZO AKORDIOA . Akordio horretan, Egia 22ko maizterrei elkartasuna adierazi, eta etxebizitza bezalako eskubide baten merkantilizazioa salatzeaz gain, horrek gure auzoen eta auzotarren etorkizunean duen eragina azpimarratu, eta argikiro planteatzen ditugu, alde batetik, honen konponbiderako gakoak: “SAREBi eskatzen diogu kaltetutako pertsonen alokairu-kontratuak berritu ditzala orain arteko baldintza berdinetan. Berriz, Donostiako Udalari exijitzen diogu SAREBekin harremanetan jar dadila, hutsik eta salgai dauden bi pisuak eta merkataritza-lokala udal-jabetzara pasa daitezen, horien izaera publikoa eta etorkizuneko erabilera bermatu dadin: alokairu sozialeko etxebizitzak, pisuen kasuan, eta AUZO-KUDEAKETAKO ESPAZIO KOMUNITARIOA, merkataritza-lokalaren kasuan. Funts publikoekin “erreskatatu” diren etxebizitzak herri-beharren zerbitzura jartzea aldarrikatzen dugu, etxebizitza eta gure hiriak desmerkantilizatzeko lehen urrats gisa.” Eta bestetik deialdi argia zabaltzen du auzo akordioak lau haizetara: “Dei egiten diegu bai Donostiako eta bereziki, Egiako biztanle guztiei, Egia 22ko maizterrak babesteko eta defendatzeko mobilizazioekin bat egin, eta, finantza-erakunde horien jardueren aurrean gaitzespena agertu dezaten. Ezin diegu finantza-erakunde espekulatiboei gure auzoetako bizitzaz jabetzen utzi. Zehazki, herritarrak datozen asteetan garatuko ditugun ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu; apirilaren 30ean, ostirala, arratsaldez burutuko dugun mobilizazioarekin amaitzeko. Beraz, hiriko mugimendu sozial, sindikal, politiko eta auzokoei dei egiten diegu mobilizazio horrekin bat egin dezaten.”
Argitalpenak Gora Egia!-n
Eragile honen informazioa aldatu nahi baduzu egilearekin kontaktuan jarri zaitezke beheko inprimakiaren bitartez.
ADI Inprimakia ez da orrialdearen eragilearekin harremanetan jartzeko, eragilea eta informazioa argitaratu duena ez dira pertsona berdina kasu gehienetan.