Elkarte gastronomikoa. 1982ko urtarrilean inauguratu zen eta zuzendaritza batzordeko kideak ondoko hauek izan ziren: Jose Joakin Perez Labaca “Kintxo”, Karlos Trenor, Koldo Lopez, Mari Karmen Zarate, Jose Urrestarazu “Txepe”, Juanmi Barandiaran eta Alfredo Sopeña “Sopas”, bolondres gisa aurkeztuak, baita zozketa bidez aukeratutako sei batzordekide ere. Hasieran auzoko guztientzat irekiak ziren jarduerak antolatu zituzten eta haietan partaidetza handia izan zen. Hasieratik eratu zuten kultur batzordea, eta bertatik ekimen ugari sortu zen, batzuk jarduteko erabateko autonomia izanik. Laurogeiko hamarkadaren hasieran sektore bat bazen urte batzuk zeramana hirigintzaren nahiz kulturaren mailan auzoaren baldintza sozialak hobetzen ahaleginduz. Auzoan oso gertutik bizi zituzten hainbat esperientzia, esate baterako auzo-elkartea, Ametzagaña 21eko kultur aretoa, Gladysen heriotza, villa Salia, ikastola berria, gau-eskola, haurrentzako zinema eta abar. Eta jende hori biltzeko lekuren baten premia antzematen zenez, lehen ikaztegia izandako lokal bat erosi zen. Lana guztien artean egin behar izan zuten, paretak pikatu, zorua baldosaz estali, mahaiak eta aulkiak egin, berniztatu… Bakoitzak ondoen menderatzen zuen lana egiten zuen eta gainerakoak laguntzen aritzen ziren. Erabakiak hartzeko modua asanbladatan izaten zen. Urtero zuzendaritza batzordeak ere izendatzen ziren txandaka, bazkide guztiek modu berean parte hartu eta elkartearen jarduna ondo ezagutu zezaten. Jakina, ez zen batere desberdintasunik gizon eta emakumeen artean, elkarte mistoa baitzen, Donostian ezaugarri horiek betetzen zituen lehena seguruenez, nahiz eta hasieran arrazoi horregatik kritika ugari entzun behar izan. Hasierako pasarteetako bat aipatzearren, behin gizon bat agertu omen zen zuzendaritza batzordearengatik galdezka Arrano elkartearteko Mus txalpelketara gonbidatzeko; diruzainak egin zion harrera, emakumezko batek hain zuzen, eta gizonak elkarte misto bat zela ikustean gonbidapena hartu eta eraman egin zuen gainerako elkarteetan emakumezkoak sartzea galarazita zegoelako.
Kontaktua
http://arranoelkartea.blogspot.com.es/
arranoelkartea@gmail.com
Karmengo Ama 32, Donostia, Gipuzkoa,
Sare sozialak
Eragile honen informazioa aldatu nahi baduzu egilearekin kontaktuan jarri zaitezke beheko inprimakiaren bitartez.
ADI Inprimakia ez da orrialdearen eragilearekin harremanetan jartzeko, eragilea eta informazioa argitaratu duena ez dira pertsona berdina kasu gehienetan.