
Urriaren 3an gure kotxeetan, 18:00an Egiatik Linás de Broto herriraino abiatuko gara; hiru ordu beharko ditugu Linás de Brotoko aterperaino (El Último Bucardo). Bertan, guk eramandako afaria jan ondoren, atsedena hartuko dugu asteburuko erronkei gogoz ekiteko.
Urriaren 4an, gosari legea egin ondoren, asteburuko lehen txangoari ekingo diogu: Tendeñera mendia (2.853 m)
Brotora doan errepidea oinez jarraituko dugu; herritik 200 metro inguru dagoen aparkalekura iritsiko gara. Bertatik, Broto ibaiaren ondotik doan bidea hartuko dugugoiko zelaietaraino; haziendak larrean egoten diren paraje ikusgarria. Pista utziko dugu eta eskubira egiten duen bidea hartuko dugu; altuera azkarrago hartzearekin batera, belarra desagertzen joango da eta paraje harritsua ugarituko zaigu. Laster ikusiko dugu Tendeñerako lepoa. Aitzarteko mendizaleok izaten dugun pazientziaz, bidea jarraituko dugu gailurreraino. Pirinioetako balkoi zoragarria, bai horixe!
Gailurra aereo xamarra izan arren, ez dauka inolako zailtasunik.
Leporaino itzuli eta orduan, zuzenean doan bidean jaitsiko gara orain. Herri tarte zabal bat bat zeharkatzen dugunean, laster iritsiko gara zelai zabal batzuetara; beheko bailaran (La Ripera) sartuko gara eta jarraian, Panticosara jaisten den GR-a hartuta, bukaerara helduko gara.
Panticosan bertan, taxiak gure zai egongo dira Linás de Brotoraino ituzltzeko; aterpean afalduko dugu eta indarrak berreskuratuko ditugu hurrengo egunerako.
Urriaren 5an, gosaldu eta gero, dena jaso eta gure kotxeetan Torlako aparkalekuraino bertaratuko gara. Aurten, urrian ere autobusak egongo dira ordesako zelaira igotzeko eta derrigorrez tiketak hartu eta autobusetan igo beharko dugu.
Faja de las Flores ibilbide benetan ikusgarrira joango gara gaurkoan. Carrietako klabijetara doan bidea hartuko dugu eta Ordesako bistak gero eta liluragarriagoak izango ditugu. Batere zailtasunik ez duten klabijetatik pasa ondoren, bidean aurrera egin eta minutu batzuetan Fajako sarrerarekin topatuko gara. Bidea amildegi baten ertzetik igaro arren, ez du arriskurik: bistak eta sentsazioak ordea, deskriba ezinak dira.
Ia konturatu gabe, bukaerara iritsiko gara eta jaisteko bideari ekin beharko diogu; bide horrek ere ahoa bete hortz utziko gaitu ura, ur jauziak, Gallineroko paretak eta Cotatueroko klabijetako pasoa. Pasarte hau auto-aseguratu beharko dugu eramandako materialarekin (urriaren batean egingo den bilera zehaztuko dugu). Esperientzia itzela da, benetan! Alturari ikara ez dion edozeinentzat egiteko modukoa.
Cotatuero pasata, bidean aurrera egin eta ordu eskasean Ordesako lautadan egongo gara Torlara doan autobusetako bat hartzeko eta txangoari bukaera emateko.
Bakarrik kotxeak hartu eta txintxo-txintxo Egiara itzuli besterik ez zaigu faltako.
OHARRA: urriaren 1an Aitzarteko egoitzan 19:30an, bilera egingo dugu irteeraren zenbait alderdi zehazteko: kotxeak, materiala, trakak, ostiraleko afaria, gosariak… eta bestelako zalantzak.
IZENA EMATEKO: GALDETEGIA
Aitzarteko federatuek 75€,
Bazkide ez federatuek 80€
Beste elkarteetako federatuek 90€
Honako kontuan ingresoa egin behar dada:
LABORALA: ES50-3035.0084.71.0840045111 izena eta PIRIAK25 adieraziz.
Izena emateko azken eguna irailaren 30ean.
Argitalpena: ekainak 10, 2025 - 08:49
Aitzarte
Aitzarte auzoko mendi taldea