
CONFEBASK ESPLOTATZAILEA! LANGILEEN ALDE
hemen erabaki
Gutxieneko soldata eta pentsioakKapitalismoak mundu mailako krisi ekosoziala eragin du. Bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena.
Alabaina, eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko
xedez, elite ekonomikoek gerra estrategiari eutsi eta olatu
erreakzioarioa hauspotu dute. Euskal Herrian militarismoaren,
arrazakeriaren edota indarkeria matxistaren eragina nabarmena
bada ere, hemen badago eremu sozial, sindikal eta politiko
zabala denon eskubideen alde egiteko prest.
Patronala aseezina da. Gero eta etekin gehiago metatu
nahi du. Ekonomia moteltzen den garaietan, krisia langileok
ordain dezagun presio egiten du. Enpresei ongi doakienean,
berriz, irabaziak akziodunen artean banatu eta langileon lan
baldintzak hobetzeari uko egiten dio, areago, kaskartzen
jarraitzen du.
Patronalaren diru gosea nabarmen geratu da pandemia osteko
prezioen gorakada bizi izan dugunean. Enplegu ordaindua
duten langileen artean (kanpo geratzen dira soldatarik gabe
lan egiten duten langileak, emakumeak* nagusiki ) KPIaren
araberako soldata igoerei uko egiteak aspaldi ez bezalako
gatazka kopurua eragin du. Zorionez, euskal langileriak
borrokaren aldeko apustua egin du eta, horren bidez,
erosmen ahalmena bermatzen duten hitzarmenak lortu
ditugu eta hitzarmenen estaldura maila handitu dugu. Gainera,
hamarkada batean egindako lanari esker bertako hitzarmenen
lehentasuna berrezartzea lortu dugu, prekarietatea eragiten
duen lan harremanen estatalizazioari muga jarri diogu.
Negoziazio kolektiboan ikuspegi androzentrikoa nagusitzen
da. Emakumeon* lanak, balio txikiagoa du patronalarentzat,
honela sektore feminizatuetan, zaintza eremuetan, borrokaldi
gogor eta luzeak izan arren gehiago kostatzen da akordioak
erdiestea.
Hala ere, Confebaskek bere ildo antisozialari eusten dio:
> 23 hitzarmen sektorial —horietako asko feminizatuak—
berritzeari uko egiten dio, soldata arrakalari eutsiz.
> Irabazi handiak izanda ere, pribilegio fiskalei eusten die
eta langileon pareko zergak ordaintzeari uko egiten dio.
> Industrian diru publikoa poltsikoratzen jarraitzen du,
erabakietan langileen parte hartzea eragozten, trantsizio
ekosozialarekin, enpleguarekin konpromisorik hartu gabe.
> Etxeko langileen hitzarmena sortzeko negoziazio mahaia
irekitzeari ezezkoa eman dio.
> Gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio
mahaia irekitzeari ezezkoa eman dio, sindikatu guzti-
guztiek, Legebiltzarreko gehiengo zabalak eta Eusko
Jaurlaritzak eskatutakoari muzin eginez.
Langileen alde, hemen erabaki
Patronalak eta haren aldeko politikek gero eta arbuio
zabalagoa dute Euskal Herrian. Langileon borrokari esker, klase
ikuspegitik garrantzitsuak diren aldarrikapenak ekarri ditugu
agendaren erdigunera: osasun sistema publikoa, etxebizitza,
zaintza sistema publikoa, gutxieneko soldata eta pentsioak.
Gai horietan langileon aldeko neurriak ezarriko badira,
presio egiten jarraitu behar dugu eremu guztietan: ekintza
sindikalean, kale mailan eta eremu politikoan.
Gutxieneko soldata eta pentsioak funtsezko neurriak dira
aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala
desberdinak murrizteko. Gutxieneko pentsio duin bat, kotizatu
ez baina bizitzan zehar lan pila bat egin duten emakumeekiko*
dugun zorra (zor patriarkala) ordaintzeko moduetako bat da.
Eta gutxieneko soldataren igoerak baldintzarik kaskarrenetan
lan egitera behartu dituzten langileei (emakumeak*, migratuak,
gazteak, aniztasun funtzionala dutenak) mesede egingo lieke
zuzenean; ez haiei bakarrik, langile klase osoaren soldatak
hobetzeko akuilua litzateke.
Hego Euskal Herrian abian jarri ditugu gutxieneko soldata
eta gutxieneko pentsio duinak ezartzeko ekimenak. Batetik,
gutxieneko soldataren inguruko eskuduntza eskuratzeko
Herri Ekimen Legegilea (HEL), bertako instituzioek gutxieneko
soldata eta pentsioa ezartzeko ardura eta ahalmena har
dezaten, EAEko zein Nafarroako Parlamentuei zuzenduak. EAEn
tramitera onartu da, baina ez Nafarroan, Foru Hobekuntzak
horretarako eskumenik ez duela argudiatuta. Edonola ere,
batean zein bestean aurrera egingo dugu sinadura bilketarekin.
Bestetik, egungo legediaren arabera, gutxieneko soldata
propioa ezarriko lukeen akordio intersektoriala negoziatzeko
mahai bana deitu dugu EAEn eta Nafarroan, baina Confebaskek
eta CENek uko egin diote mahaia eratzeari.
Orain arte bezala, borrokaren bidez lortuko dugu langileon
aldeko garaipen berriak eskuratzea. Horregatik da hain
garrantzitsua aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan
parte hartzea. Maiatzaren Lehenean, patronal esplotatzaileari
aurre egin eta bultzada berri bat emango diogu langile
borrokari.
Argitalpena: apirilak 28, 2025 - 09:58
Ezezaguna
Webgunean saiorik hasi gabe, anonimoki egindako argitalpenak.