
“Aldundia, Markesbaso kontserbaziorako” prentsaurrekoa
azaroak 28, 2025 / 12:00 - 13:00
KOKAPENA
Datorren ostiralean, azaroak 28, 12:00etan, TABAKALERAko beheko solairuan prentsaurreko bat emango dugu 36 Talde Naturzalek MARKESBASOko auzia dela eta.
Gaia honako hau da: LURGAIA Fundazioak publiko egindako informazioaren arabera, baso misto atlantikoa berreskuratzeko proiektua aurkeztu zion KUTXABANKi azken honen jabegoan dauden Lasao inguruko MARKESBASO deituriko 290 hektareatan. Proiektua istear zegoenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak horren berri izan zuen eta betoa jarri zion LURGAIA Fundazioari ondorengo negoziazioetan, proiektua erabat zapuztuz eta norabidez aldatuz, egur produkzioarekin jarraitzeko. Naturaren kontserbazioa ez dago, argi eta garbi, Aldundiak hainbeste aldarrikatzen duen Gipuzkoa berde horren errealitate gordinean. Hitzak bai, ekintzak ez. Horregatik, erantsita duzuen dokumentuarekin bat egin dugun 36 TALDE NATURZALEok gizarteari erakutsi nahi diogu Aldundiaren jokabide antidemokratikoa.
(Zuen partehartzea konfirmatzea eskertuko genizueke. Harremanetarako telf. 615748863)
IRAKURRIKO DEN TESTUA:
ALDUNDIA, MARKESBASO KONTSERBAZIORAKO
LURGAIA Fundazioak dokumentu bat plazaratu du non, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta BSTK Fundazioaren jokabide makurra erakusten duen, Lurgaia eta Kutxabanken arteko elkarlanaren aurrean, azken entitate honek jabegoan duen Markesbaso lursailean garatu nahi zuten Natura kontserbazio proiektua zapuztuz. Honela dio LURGAIA Fundazioaren dokumentuak, besteak beste:
“Markesbaso izeneko 290 hektareako finka bati buruz ari gara, Zestoa eta Azpeitia artean dagoena. 2024ko azken hilabeteetan zehar prestatu zen proiektua. Helburua ingurune hori baso bihurtzea zen, hau da, bioaniztasunez beteriko ekosistema sortzea, inolako helburu produktiborik gabe”.
“Proiektua 2024ko abenduan okertzen hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuari proiektuaren helburuak, epeak eta dimentsioa jakinarazi zitzaizkionean. Bilera hartan, bide batez, aipatutako administrazioak hasieratik eragotzi zuen Lurgaia Fundazioaren presentzia”.
“Zaila da ulertzen GFAk interes pribatuaren alde lan egiteko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren azaleraren % 100ean egurra ekoizteko duten asmoa, biodibertsitatea leheneratzeko aukera guztiak baztertuz eta ingurumena lehengoratzeko Europako politiken erakunde objektore gisa aurkeztuz.”
Gertakari horiek kontuan hartuta honako salaketak eta eskariak egiten ditugu:
Salatzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere erabakian erakutsi duen autoritarismoa, demokrazia eza eta errespetu falta bi erakundeen artean martxan zeuden negoziazioak lehertaraziz, horietako bat, LURGAIA Fundazioa, proiektuaren bultzatzailea, gerora egindako bilera guztietatik kanpo utziz. Azken uneko aldaketa hau gauzatu da inongo azalpen zientifiko edo legalik eman gabe, hasierako proiektua ukatuz.
Eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta BSTK Fundazioari, jatorrizko proiektua errekuperatzea, bere hasierako helburuak eta planteamentua errespetatuz.
Argitalpena: azaroak 24, 2025 - 13:26