Trebeska: erritmoz eta komunitatez betetako urtea (EBA35)

abenduak 18, 2025 | Egia Bizirik

Trebeska dantza taldeko kideok pasa den 2024-2025 ikasturteari emozioz begiratzen diogu,
dantzaz eta komunitatez betetako urte bat izan baita: berriz elkartzeko, hazteko eta gure
zoriona kaleetara inoiz baino indar handiagoz eramaten jarraitzeko urtea izan da.

2024-2025 ikasturtea Euskararen Eguneko erromeriarekin hasi genuen, nola ez, Plaza
Haundin. Momentu ezin hobea izan zen ikastaroko ikasle berrienentzat lehen plaza hartzeko, beren ikaskideen eta auzo osoaren beroa eta babesa sentitu ahal izan baitzuten.
Negua iristearekin batera, Olentzero auzoan barrena ibili zen berriro, taldeko txikienekin,
Aitor Ikastolako dantzariekin, urteroko kalejirarekin kaleak alaitu baitzizkiguten.
Otsailean, duela bi urte hasi genuen truke bati esker, Muskildiko herrira bueltatzeko aukera
izan genuen. Bertan, asteburua herriko etxean pasa eta bertako Maskaradetaz gozatu
genuen. Aurten Pagolara joan ginen Altzai-Lakarriko gazteek osatutako maskarada ikustera.
Asteburu berean, Amikuzeko libertimendua ere ikusi genuen, Donapaleun.
Neguko kolore beltzetatik ihesi, Inauterietako ostegun gizenean (otsailaren 27an),
Donostiako Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili ginen dantzan, Goizaldi eta Eskola Dantza
Taldeko dantzariekin batera.
Udaberrian, ohi legez, ez dugu hutsik egin Hernaniko Dantzari Egunean. Aitor
Ikastolako gure txikiek maiatzaren 10ean dantzatu zuten, eta heldu eta gazteen taldeak
hurrengo egunean.
Ikastaroari amaiera bikaina eman genion, aurten ere, Plaza Haundiko ikasturte amaierako
emanaldiarekin. Han elkartu ginen denak, txiki, gazte zein helduak, elkarrekin dantzatzeko
eta urte osoko lana erakusteko. Eta denboraldiari agur esateko, Egiako kaleak jai giroz bete
genituen Porrontxoetan, dantza eta poteoa energiarik onenarekin uztartuz.
Urteko mugarrietako bat Aste Nagusiko emanaldia izan zen. Abuztuaren 13an dantzaz bete genuen berriro Alde Zaharreko Plaza Berria. 60 lagun bildu ginen dantzari eta musikarien artean, taldeko
dantzari gazteak, dantzari ohiak eta Erketz Euskal Dantzari Taldearen luxuzko
konpainiarekin.

IKASTURTE BERRIARI BEGIRA, URTE BEREZIA DATORKIGU

Datorren urtea ilusioz eta proiektuz beteta dator. Batetik, gure hitzordu finkoak mantenduko
ditugu:

  • Euskararen Eguneko erromeria Plaza Haundin.
  • Olentzeroren kalejira Aitor ikastolarekin abenduaren 24an.
  • Ostegun Gizena (otsailak 12) Alde Zaharrean.
  • Hernaniko Dantzari Eguna (txikiak apirilaren 25ean; helduak eta gazteak 19an).
  • Donostiako Aste Nagusiko emanaldia.

Gure taldea etengabe hazten doa. Gaur egun 25 lagun inguru gaude helduen entseguetan! Gure haztegian, gazte taldean, 18 dantzari daude izena emanda, eta
Aitor Ikastolako ia 150 dantzari atzetik datoz, auzoan dantzaren etorkizuna ziurtatzera.
Ikastaroekin ere jarraitzen dugu; astelehenero Blas de Otero plazako gure egoitzan, beteranoen taldea handitzen eta hasiberrien taldeak ere indarra hartzen doaz.
Kultura trukerako egitasmo eder bat dugu esku artean. Azaroan, Mallorkara joango
gara Llubí herria bisitatzera. Han emanaldi txiki bat egingo dugu eta bertako dantzan eta
kulturan murgilduko gara. Asmoa da haiek maiatzean guri bisita itzultzea!

Baina, zalantzarik gabe, albisterik garrantzitsuena da 2026an Trebeskak 50 urte beteko
dituela. Urte ahaztezina izatea nahi dugu, jardueraz betea. Eta bada egutegian denok
markatu behar duzuen data bat: maiatzaren 23a, Trebeska eguna itzuliko da!
Herritar guztiei, dantzariei, musikariei eta mende erdian zehar familia honetan parte hartu
duzuen guztioi ospakizun honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Kalejira, kantu
poteoa, bazkari herrikoia, erromeriak eta askoz gehiago izango dira. Denon artean festa
ederra egingo dugu!
Eskerrik asko auzoari, gurekin dantzan jarraitzeagatik!

Egia Bizirik

Egiako Auzo Elkartea

Utzi erantzuna