Porrontxoen webgune berria Gora Egia! barruan
maiatzak 25, 2022 | Gora Egia!
Gora Egia!-k Porrontxo Jaien webgune berria aurkeztu du kuadrilen batzarrean, goraegia.eus webgune barruan kokatua dago eta “porrontxojaiak.goraegia.eus” helbidea dauka. Biak teilatu berean egonda, Zure Ahotsa eta Agendan argitaratzen diren edukiak bi atarietan ikusgai egongo dira, baina horretaz gain porrontxoen guneak hainbat atal erakargarri dauzka:
Kuadrilen zerrenda
Egun aktibo dauden eta jada desagertu diren kuadrilen zerrenda luze bat osatu da lehenbiziko aldiz. 122 kuadrila daude oraingoz zerrendatuta, eta gehiago agertzea ere espero da, bai jaio berriak eta bai zaharrak. Kuadrilek euren datuak eta argazkiak bidaltzeko aukera izango dute.

Kartelak, egitarauak eta 92ko aldizkaria
40 urteetako edizio guztien kartel eta egitarauak bildu dira lehenbiziko aldiz baita ere. Egitarauak PDFan kontsultatu daitezke, lehenengo 5 edizioen egitarauak osorik daude iragarki eta guzti, gainontzekoetan iragarkiak ez dira sartu eskaneatze denbora aurrezteko, nahikoa lan hartu dugu eta!
Bestetik 10. urteurrenaren harira 1992an argitaratu zen aldizkari mardul bat ere jaso dugu, auzoaren inguruko informazio ugari duena.
40 urteen denbora lerroa
40 urte ez dira ahuntzaren gaurdiko eztula eta modu eskematiko batean bada ere une aipagarrienak denbora lerro batean bildu ditugu. Jaien bilakaera azkar batean ikusteko aukera eskeintzen du.
Abestiak
2008 eta 2010 artean txanpa hartu eta 3 abesti argitaratu ziren jaien bueltan, Bolinga Sound Systemen “Aurrera doa”, jaien omenezko “Porrontxinaren dantza” eta SinTotxa mugimenduaren “Porrontxokumeen kunbia”. 3 abestiak entzun eta deskargatzeko moduan bildu ditugu.
Jaietako argazki eta bideoak
Gordegiak egindako lan aparta baliatuz haien webgunera jauzi egiteko aukera dago jaietako irudiak zuzenean ikusteko, gainera aldiro irudi berriak argitaratzen dihardute!

Webguneen sorrera gainontzeko eragileen eskura
Porrontxoentzat egindako gune hau Gora Egia!-k abian jarri duen egitasmo berri baten hasiera da, webgunerik gabeko eragileei honelako guneak eskeintzea da helburua. Egunerokoan Gora Egia!-n egindako argitalpenak jasotzeaz gain bestelako eduki estatikoak bilduko dituena. Kasuan kasu aztertuko da baina printzipioz ez da diruz ordaindutako zerbitzu bat izango, elkarri laguntzeko akordio bat litzateke oinarria. Gainera “zureizena.goraegia.eus” azpidomeinuak sortu daitezke. Interesatuak dauden eragileak gurekin harremanetan jarri zaitezkete Kontaktua atalean.
Bisitatu webgunea:
Gora Egia!
Egiako Plaza birtuala