Porrontxo Jaiak (EBA32)

urtarrilak 4, 2023 | Egia Bizirik

(Egia Bizirik Aldizkaria 32)

Berrogei udaberri igaro dira Porrontxo jaietako lehen txupina bota genuenetik. Hamarnaka suziri koloretsu bota dira gurean, baina aurtengoak berezia izan behar zuen. Hala bada, 2022 honetan, auzotarron irrikak eta gure gogoak bat eginda, jende berriz osatutako talde txukuna antolatu genuen. Ez beti bezala, aurtengo jaiak prestatzeko gogotsuago sentitu ginen.


Oinarrizko Jai Batzordeko bost kideok beste hamar lagun izan ditugu inguruan, hainbat kuadriletako jendea. Laguntza ederra, alafede. Biba zuek!

Mila esker lokala eta bertako materiala txukuntzen eta garbitzen lagundu duzuen auzotarrei; eskerrik asko, halaber, erraldoien jantziak konpondu eta garbitu zituenari. Eta eskerrak ere auzoko komertzio guztietatik, banan-banan, iragarkiekin berri ona zabaltzen (eta beharrezko laguntza jasotzen) ibili diren koadrila kideei. Ez ditzagun ahaztu bileretara laguntzera gerturatu eta euren berotasuna eskaini diguten koadrilak, haiek gabe ez baita merezi duen jairik. Ezin aipatu gabe utzi jaiak leku seguru bihurtzeko protokolo zein zaintza saioak antolatu dituzten brigada kideak. Gaueko ordu txikitan zein goizean goiz beharrezko txanda egiten egon den koadrilari, mila esker zuei ere. Herri bazkarian zeuden aulkiak jasotzen lagundu zuen ezezagunari ere, eskerrik asko. Laburbilduz: eskertza handi eta borobila zor diogu Egiari. Jaiak denon artean atera ditugu aurrera!


Gauza onak esatea bezain egokia izan ohi da hobetu beharrekoak aipatzea. Izan ere, aurtengo antolakuntzan espero ez genituen egoera batzuk bizi izan ditugu. Espero gabeko masifikazioari aurre egin behar izan diogu. Larunbatean (batez ere) zegoen jendetzak jai antolatzaileak erabat gainditu zituen eta sortua geneukan egiturak ozta-ozta eutsi zuen. Larunbatekoaz gain, jaien azken txanpako lan karga uste baino handiagoa izan da. Jaiak gozo hasi eta gazi bukatu ditugu. Egindakoaz harro, asko eskertuta, baina oso nekatuta.


Guzti honek auzoko beste jai sortzaileekin partekatutako zenbait kezka sorrarazi eta gure arteko lanketa batzuk burutzeko beharra erakutsi digu. Pixkanaka -jai osteak utzi digun erresaka emozionalak uzten digun heinean- aurrera egin eta indarrak batzen joango gara.


Urte ona izan dela esan dezakegu, baina batez ere 2023-ra begira zerbait egin behar dugula argi dugu. Horrexegatik, egiatarroi, hilabete hauek deskantsatu eta datorren urtekoetarako prestatzeko eskatzen dizuegu. Lanaz eta gogoz 2023ko jaiak denon artean aurrera aterako ditugu!


Gora Porrontxo Jaiak eta gora Egia!
Porrontxoetako Jai Batzordea

Egia Bizirik

Egiako Auzo Elkartea

Utzi erantzuna