Kalean da Argazki Bat Behelainoanen lan berria

otsailak 5, 2025 | arkaitz

“Geldi Gu Eta Dena Huts” (Bonberenea Ekintzak) EP diska laburra jada ohiko plataformetan entzun daiteke, auzoan aldiz Kaktus eta Koxko tabernan dago salgai.

Demagun berandu dela, etxeak itxiak eta hutsik daudela, margoa lehortu dela. Demagun biharko eguna gaurko egun bera izango dela. Demagun, kontraesanak kontraesan, libre garela.

“Geldi Gu Eta Dena Huts” izena du Argazki Bat Behelainoan (ABB) Egiako musikariaren lan berriak. Bost pistako EPa dugu, hogei minutuko luzera duena. Bonberenea Ekintzak zigiluak argitaratua eta Karlos Osinagak grabatua, “Segurtasun Eza” (2023) lehen lan luzea bezala. Era berean, orduan bezala orain ere, Arkaitz Artola Arnaiz (AAA) dugu musikagile, baita musikari nagusia ere, baina izan dira zenbait kolaborazio ere; musikan laguntzaile handiena Iker Vazquez (Pelax, Neu Troia…) izan da baterian, aurreko diskan eta zuzenekoetan ere aritu zena, Huts abestian North Asuna eta Urtzi Aizpuru izan ditu saxo eta tronboian hurrenez hurren. Hitzetan, aldiz, Mikel Peruarena Ansa (Faborez), Jon Markel Ormazabal Gaztañaga (Lo daude) eta Ion Olano Carlos (Huts) izan ditu lanbrokide.

Aurreko diskoa barnerakoia eta nolabait ilunagoa bazen, oraingo hau argitsuago, koloretsuago, freskoago datorkigu, lotsagabe. Hain zuzen, “Lotsarik eza” instrumentalarekin hasten da EPa: kiribil hipnotikoan barneratzen gaitu, zuloan harrapatu eta barnerantz lehertzen den arte. Segidan datoz hitzez eta hotsez “Huts”, “Berandu da”, “Faborez” eta “Lo daude” hurrenez hurren.

Izenburuarekin kontraste eginez, mugiarazten duen lan musikala da “Geldi Gu Eta Dena Huts”. Betekadarik eragin gabe, halako gose moduko batez utziko dituena gorputz-gogoak, plazer hutsez mugitzen segitzeko gogoz.

arkaitz

Argazki Bat Behelainoan, Gora Egia! eta Gordegiako kidea eta auzoko soinu ekipoaren kudeatzailea

Utzi erantzuna