Kale estu bateko irribarre zabala: Katako Txarlirena!
uztailak 31, 2021 | Itsaso Alkorta
Egia ondo ezagutzen duen orok, Kata taberna ezagutuko duela ziurra da. Kata ezagutzen duen orok Txarli ezagutzeko plazera izan duela ziurra den bezala.
Kata taberna, gure auzoko ikurretako bat da: kale estu eta ilun samar baten amaieran egonik ere, leku ezin atseginagoa da: heldu zein gazte; haur eta nerabe; egun nahiz duela mende erdi baino gehiago. Egiatarron iparrorratza izaten jarraitzen du.
Gauza askok egin izan dute leku hori atsegin, arrazoi askorengatik da gure auzoko ikurra, auzotarron taupadekin bat egiten duen taberna baita; ez gara banan-bana denak zerrendatzen hasiko, baina gaur, bereziki, joan berri zaigun Txarli goraipatu nahi dugu, barru-barrutik datorkigulako bera gogoratzeko nahia eta beharra.
Taberna-zulo batean, barraz bestalde hamaika ordu egitea ez da gauza samurra, baina Txarlik maitasunez jakin izan du hori egiten. Mila saltsatan lagundu du auzoan eta parranda askotan goxatu, alaitu eta piztu dizkigu barrenak auzotarroi.
Gaixotasun latz eta krudel batek eraman du, uda betean hotz eta hutsune galanta utziz. Beti gogoratuko dugu irribarretsu, barraren alde batean zein bestean lagunkoi, goxo eta atsegin.
Katako kale estuan faltan botako dugun arren, itsasoa hain kuttun zuen arraunlariak emandako guztia, gugan geratuko da betiko.
Maite zaitugu.
Itsaso Alkorta Aizpurua, Txarliren lagunen izenean