Ekar mugituz egingo dugu euskaraldia (EBA35)

abenduak 18, 2025 | Egia Bizirik

Joan den udaberrian, Euskaraldiaren laugarren edizioa izan genuen. Maiatzaren 15etik 25era, 11 eguneko ariketa sozialean parte hartu zuen Egiak, batzuk ahobizi gisa euskarari eutsiz eta beste batzuk elkarrizketa elebidunak ahalbidetuz belarriprest gisa. Guztira 895 egiatarrek parte hartu zuten, horietatik 687 ahobizi eta 208 belarriprest. Bestalde, auzoko 37 eragilek bat egin zuten Euskaraldiarekin euren komunitatean parte hartzea sustatuz.

Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimena Euskaraldiaren aurrekaria izan zen, eta orduko hartan 300dik gora lagunek parte hartu zuten. Oso garrantzitsua izan zen ariketa hura; jarduteko beste modu bati ekin genion orduan, norbanakoa aktibatuz euskararen erabilerari eutsiz. Eta Euskaraldia horixe bera da, baina norbanakoez gain, eragileen parte hartzea ere bilatzen duena.

Euskaraldiak iraun zuen bitartean egitarau oparoa antolatu zen: horma irudia margotu zuten Aitor Ikastolan, bertako ikasleek eta Maria Reina ikastetxekoek, Ilargi eta Musika Eskolako txarangek parte hartu zuten, Arranok pintxo potea antolatu zuen, Haur Txokoak eta Gaztelekukoek gaztetxoentzako jarduerak antolatu zituzten, Kneepap filmaren emanaldia Teila Fabrikan, Trebeska dantza taldearen plaza dantzen ikastaroa plazan… eragileek euren leloak pankartetan jarriz argazki sorta ederra jaso genuen!

Euskaraldiak balio al du? Bai, horrelako ekimenak beharrezkoak dira. Euskararen aldeko urratsak ematen jarraitzeko. Agian, oraingoan eragin gehiago izan du euskara hain presente ez dugunengan. Ahobiziak behar ditugu eta belarriprestak behar ditugu, erabileran eragin nahi badugu.
Eta euskarak guztion beharra du, euskarak hiztunak behar ditu.

Egia Euskarazetik gogorarazi nahi dizuegu ate joka dugula hurrengo hitzordua: datorren udaberrian izango dugu, 24. KORRIKA, Atharratzetik Bilbora, martxoaran 19tik 29ra izango da. Egiako Korrika batzordean parte hartzera deitzen dizuegu, antolaketa lanak aurrera eramateko zenbat eta jende gehiago, ekitaldi ederragoa izango baita!

Egia Bizirik

Egiako Auzo Elkartea

Utzi erantzuna