Egiako Azoka Txikia arriskuan
martxoak 2, 2025 | Azoka Txikia
Donostiako udaletik datorkigu notizia, aurrerantzean ezingo direla kotxeak sartu Plaza Berrira. Hau traba gaindiezina izan daiteke astelehenetan bertan antolatzen den azoka txikirako. Igeldoko esneak eta Larreta esnekiak ibilgailutik egin behar izaten dute salmenta, hotzaren katea ez eteteko. Beste ekoizleentzako ere (Eguzkileire, Soroenea, Argaia-Goena…) ibilgailua bertan izatea izugarrizko laguntza da, bestela deskargatu, muntatu, aparkatu, desmuntatu, kotxe bila joan eta kargatu egin beharko lukete ordu eta erdirako.
Erabaki honek, Plaza Berrin kotxeak ez sartzen uztearena, bere horretan, azokaren bukaera ekar dezake, ez bai litzateke bideragarria izango ekoizleentzat.
Ia 5 urte daramatzagu astelehenero-astelehenero 18:00etatik 19:30era Plaza Berrin azoka txikia antolatzen. Egiatar askok erosketak bertan egiten ditugu. Azoka formatu berri honek oso balorazio positiboa du parte hartzaileen partetik. Egoera zaila igarotzen ari den lehen sektoreko ekoizleentzat aterabide duina da.
Egiatar kontsumitzaileentzat, aldiz, bertako eta kalitatezko produktuak erosteko aukera da. Bertan sortzen den harremana salerosketa soila baino gehiago dela esan dezakegu. Alde batetik, ekoizlearen errealitatea ezagutzen da, lana aitortzen zaio, eta bestetik, kontsumitzailearen nahiak, ohiturak eta balorazioak jasotzen dira.
Auzoarentzat ere eragin positiboa du. Kaleko bizitza eta pertsonen arteko harremanen pobretzeak kezkatzen gaituzten garai hauetan, erabilera gutxi zuen plaza bati bizitza berri bat eman zaio. Astelehen arratsaldeak egiatarren elkargune bilakatu dira: erosketak egiteaz gain topatzeko, hitz egiteko, ezagutzeko baliatzen ditugu. Oso giro polita sortzen da.
Azoka txikia galtzea atzera pausua litzateke ekoizleentzat, egiatarrentzat, auzoarentzat eta jendartearentzat oro har. Beraz, udaletxeari eskaera luzatzen diogu: ez ditzala trabak jarri; kontrara, lagun diezagula proiektu aberasgarri hau aurrera eramaten. Gure lan egiteko modua aurrez aurrekoa denez, gertukoa, honi buruz hitz egiteko bilera bat eskatzen diogu udaletxeari.