Egia auzoari

maiatzak 17, 2021 | Egia irtenbidera

Zuetako askok ez duzue ezagutu, baina entzun duzue. Beste batzuek ezagutu eta sufritu egin zenuten; norberak edota lagunen eta senideen haragian. Madrilen, norbaitek erabaki zuen dena ETA zela: kutsadurarik gabeko mundu baten alde borrokatzen zirenak, euskarazko egunkari bat egiten saiatzen zirenak, presoen senideei laguntza ematen zietenak, Euskal Herrian erabakitzeko gaitasun handiagoa lortzen saiatzen zirenak, herri zapalduei elkartasuna adierazten zietenak… Jende anitzak jasan behar izan zuen jazarpena: ehunka atxiloketa, tratu txarrak, kartzela. Zuetako nork ez du auzokiderik,  seniderik, teoria hori jasan ez duenik?

Astakeria hura amaitu zela uste genuen, gutaz ahaztu zirela sinistuta geunden. Baina zentzurik gabeko kontuak  behin eta berriz agertzen dira. Oraingoan, gertuko lagunei egoera larria bizitzea egokitu zaie: Egiako bi bizilagun, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondo, Auzitegi Nazionalera deitu dituzte. Duela hamaika urte, hainbat lagunekin batera, atxilotu zituzten presoen eskubideak defendatzen aritzeagatik. Nereak eta Juan Marik ez zuten zerikusirik presoen defentsa juridikoarekin, baina dena ETA zenez…

Ondo asko ezagutzen ditugu Juan Mari eta Nerea. Auzoko pertsona aktiboak, solidarioak, jendearen beharrei adi daudenak…  behar izanez gero, hor izango dituzu beti Juan Mari eta Nerea. Aspaldi-aspalditik  fronte ezberdinetan ikusi ditugu: auzoko bizi-baldintzen hobekuntza, etorkinen beharrak, euskararen eta ikastolaren bultzada, pentsiodunen mobilizazioak … Auzitegi Nazionalean ez digute deskubrituko zein den gure bizilagunen jarduera. Badakigu, urteetan ikusi baititugu.

Nerearekin eta Juan Marirekin egin nahi dutena bidegabekeria dela sinistuta gaudenez, zuen elkartasuna adieraztera dei egiten dizuegu. Adi konbokatoriei eta jo ezazue mobilizazioetara. Betidanik izan gara  auzo solidarioa, errepresioa jasan duen eta erantzuten jakin duen auzoa.

Nerea eta Juan Mari gurekin nahi ditugu. Juan Mari eta Nerea bezelakoak gehiago behar ditugu Egian auzo solidarioagoa eta aktiboagoa nahi badugu.

Juan Mari eta Nerea zuekin gaude!

Egia irtenbidera

Utzi erantzuna