Egia Bizirik (HAPO-PGOU) (EBA34)
abenduak 29, 2024 | Egia Bizirik

Udalak berritu asmo duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapenari egin nahi dizkiogun alegazioak lantzen ari gara. Honakoak dira auzoarentzat garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaiak: berdeguneak, etxebizitza eta ekipamendu berriak, mugikortasuna eta auzotarren arteko bizikidetzarako espazioak (plazak, oinezkoentzako eremuak, etab.).
BERDEGUNEAK
Jarraian aipatuko ditugun guneak, mantenimendua eta kontserbazioa ez den edozein eskuhartze urbanistiko edo zerbitzutatik babestu behar dira: Gladysenea, Aldakonea-Konkorrenea hegala Egiarantz, Urumearen ibai bazterra Gladysenea parketik Loiolaraino eta Lauhaizeta-Loiola hegala. Klima aldaketaren arazoaren aurrean, gure berdeguneak gero eta garrantzitsuagoak izango dira.
ETXEBIZITZA
Mundaiz bidean eta Aldakonean, Udala onartzekotan da etxebizitza berriak eraikitzea, baina oraindik ez du zehaztu zenbat izango diren babestuak. Eremu horietako bizilagunei beste etxebizitza bat emango zaie bertan; gainontzekoak salmenta librekoak izango dira, eta babes ofizialekoak gutti batzuk edo batere ez. Egia Bizirik taldeak denbora darama eskatzen proiektu berrietan etxebizitza publi-
koen kopurua handitzeko eta alokairuan jartzeko. Beharrezkoa da Egiako etxebizitza arazoaren aurrean Udalak alokairuko etxebizitza fondo bat sortzea, are gehiago eraikitzeko lurra publikoa bada. Ez dugu aberats gehiago behar, ezpada etxe gehiago. Bestalde, auzotarren kopurua handitu egingo da, baina ez auzoko zerbitzuak: medikuak, haurrentzako guneak, kiroldegiak, gizarte zerbitzuak, etab.
MUGIKORTASUNA
Gure auzoan mugikortasuna gai garrantzitsua da. Aldapak, eskailerak, espaloi falta eta bestelako oztopoak dituen auzoa bizi dugu, eta egoera horrek biziki zailtzen du bizilagunen egunerokoa, zer esanik ez mugikortasun arazoekin edo haur kotxeekin dabiltzanei. Urteak daramatzagu Udalari eskatzen, berdin elkarteek zein norbanakook, auzoko gune korapilatsuei konponbidea emateko; ordea, ikusten ari gara plan orokor berriak ere ez diela erantzunik emango auzoko aspaldiko arazo hauei.
(Egia Bizirik Aldizkaria 34)
https://goraegia.eus/ahotsa/kalean-da-egia-bizirik-aldizkaria/

Egia Bizirik
Egiako Auzo Elkartea