Egia Bizirik (EBA32)

abenduak 22, 2022 | Egia Bizirik

Hurrengo asteetan Egia Bizirik aldizkariaren (EBA32) artikuluak banaka argitaratuko ditugu koloredun argazkiekin, hona hemen editoriala eta lokal berriaren albisteak;


Badoa beste urte bat. Ez da berri on askorik izan alajaina: krisi klimatikoa, krisi energetikoa, desberdinkeria soziala, pobrezia, gerra… Harrituta gaude argiaren eta gasaren fakturei begira. Azken urteetako jiran segitzen du gure Donostiak: turismo kontrolik gabea neurriz gainezka, etxebizitza beharrak ahaztuta, hirigintza jasanezina… Eta, itxuraz, jende gehiena, etsi-etsi eginda. Dagoena dago, diote askok.

Baina, Egia Bizirik elkartekoon ustez, badago dagoen hori baino gehiago.

Zertan dihardu Egia Bizirik elkarteak?

Lehenengo, auzoaren alde positiboak zuei jakinarazten. Egian gauza bikainak egiten dituzten pertsonak eta taldeak daude; eta, gainera, gustura eta pozik egiten dituzte. Hau baita aldizkaritxo honen eginkizuna: egiatar guztiei jakinarazi, nahi badute, talde askotan parte har dezaketela, kirolean, kulturan, behartsuenen laguntzan…

Bigarren, mugitzen den ororekin elkartzen saiatzen gara. Auzoko taldeekin eta ekimen zabalagoekin ere bai. Horrela, Hau Egia Da izeneko proiektuan hartu dugu parte, auzoko kultura aniztasuna eta hark dakarren aberastasuna erakusten saiatu den egitasmoan; auzoko hainbat festatan ibiltzen gara, Sanjuanak edo udaberriko festa esaterako; eta Gora Egia! auzoko plaza birtualean parte hartzen dugu. Kultura jarduerak ere antolatzen ditugu: hileroko zineforuma adibidez. Hitzaldiren bat ere antolatu dugu, interneteko segurtasunari buruzko Iñaki Alegriaren emanaldia kasu.

Hirugarren, Donostian sortzen ari diren zenbait ekimenekin harremanetan eta elkar lanean gabiltza: Bizilagunekin, Gutun Soziala… Hartu-emanetan gaude beste auzo elkarte batzuekin eta informazioa trukatzen dugu haiekin.

Gainera, auzotarren ekarpen eta erreklamazioak jaso eta Udalean aurkezten ditugu.

Eta, denok dzkizuenez, Egia Bizirik elkarteak auzoko taldeen arteko elkar lana sustatzen du. Auzoa hobetzeko ezer egin nahi duen edozein taldek gauzka bere esanetara.

Gora Egia!-ko agendan agertzen denez, hilero elkartzen gara lehen eta hirugarren astearteetan, Atotxako egoitza berrian, Udal Artxiboaren alboan. Bilerak irekiak dira. Denok zaudete parte hartzera gonbidatuak.

Lokala

Udal Artxiboa Blas de Otero plazan

Egia Bizirik-ek lokal berria lortu du. Non dago? Blas de Otero plaza 1, Udal Artxiboa dagoen tokian, Tabakaleraren eta geltoki berriaren parean. Udalak laga digu. Bi gela ditu: bata bulego moduan erabiltzen dugu eta, bestea, bilerak egiteko. Tamaina ona dauka eta ondo egokituta dago. Arazo bakarra, lur azpian dagoela, soto bat da. Egoitza Udal Artxiboarekin, Trebeskarekin eta Club Jabierrekin konpartitzen dugu. Jakingo duzuen bezala, denbora dexente daramagu baldintza egokiak dituen lokal bat lortzeko. Kultur Etxean egon ginen, gero Ametzagaña kalean, Irutxulokoekin batera. Azkenean, lokal berria lortu dugu. Egia da ez dagoela auzoaren erdian eta, sotoa denez, ez daukagula sarrera zuzenik kalera. Horrek ikusgaitasuna kentzen digu, baina, tira, lokal duin bat da. Ezagutzera konbidatzen zaituztegu. Etorri nahi edo behar duzuenean. Pozik hartuko zaituztegu. Auzoko bizitza hobetzeko proiektuak sustatzen gabiltza lan eta lan.

Egia Bizirik

Egiako Auzo Elkartea

Utzi erantzuna