Candido Zapategia “Lanbide hau ikasteko eta lan egiteko gogoa duen norbaitek jarraitzea gustatuko litzaidake. Niregatik baino gehiago, auzoagatik”
uztailak 22, 2026 | Gordegia
Komertzioaren izena: Candido zapateria.
Helbidea: Egia kalea 11, 20012, Egia.
Jarduna: Oinetakoen garbiketa eta konponketa.
Historia
22 urterekin hasi zen Candido zapatari lanetan, bere aitak ere lanbide bera zuen eta harengandik ikasi zuen ofizioa. Hasieran, Egia 2 helbidean ireki zuen denda 1988. urtean, 1996an gaur egungo lokala ireki zuen arte. Aurretik ez zen komertziorik egon bertan, bankuarena zen Candidok hartu eta denda bilakatu arte.
Auzoa aldatzearekin batera aldatu zen bezeroaren perfila ere, jende berri asko etortzen joan da urteetan zehar eta hori dendan ere nabaritu da. Candido lanean hasi zenean auzoa komertzioz betea zegoen, lokalak pisuak baino garestiago zeuden. Beranduago merkataritza gune handiak iritsi ziren eta horrek pixkanaka hil ditu auzoa eta komertzio txikiak.

Gaur egun
Harreman ona dauka auzokideekin, oso gertukoa eta konfiantzazkoa. Inguruko auzoetako jendea ere hurbiltzen da Candidora. Bere lehengo bezeroak izan zirenen seme alaba eta bilobak dira egun bere bezeroak. Hunkigarria da hori.
Garai bateko oinetakoak askoz kalitate hobea zuten gaur egungoak baino, jendeak diru pilabat ordaintzen du oinetako pare bategatik baina berehala apurtzen dira, hauek konpontzeko mirariak egin behar izaten ditu Candidok.
Hain da konfiantzazkoa auzokideekin duen harremana, askotan oinetakoak ez diren gauzak ere ekartzen dituztela dendara, aulkiak, panpinak… edozer.
Etorkizuna
Erretiroaren atarian dago Candido. Dendak jarraitzea gustatuko litzaioke, ofizioari ez zaio etorkizunik falta baina lanerako jendea behar da. Candido prest dago lanerako gogoa daukanari ofizioa erakutsi eta hastepenetan laguntzeko, baina horretarako lanerako gogoa behar da. Egiak zapatari bat behar du, auzoan demanda handia dago eta pena handia izango litzateke zerbitzu hau galtzea. Jendearen maitasuna jasotzen du egunero Candidok, ez dute bera erretiratzerik nahi, berea baita beraien konfiantzazko denda.
Anekdota
“Bada, begira, behin gizon heldu bat eseri zen hortxe (salmahi aurrean dagoen aulki batean) etxeko zapatiletan, nik esaten diot pixka bat itxoiteko, eta bale, ez daukala presarik. Jaitsi nintzenean zapatila eta galtzerdia kenduta zeuzkan eta zera esaten dit “Begira hemen baba batzuk dauzkat, hain zorroztua daukazun hortz horrekin agian kendu ahal izango dizkidazu.” eta nik “Baina nola kenduko dizkizut?” eta esaten dit, “ez ez, kenduidazu ze pedikuroa oso garestia da”.
2025eko urria / Araitz Katarain
Gordegia
Egiako Artxibategi Grafikoa
2019tik Auzoko memoria kolektiboa irudien bidez lantzen gabiltza. Artxibo osoa webgunean ikusgai daukazue.
www.gordegia.eus