Bertso-afariaren kronika

azaroak 24, 2024 | Egia Euskaraz

2024ko azaroaren 23an, aspaldiko partez, bertso-afaria egin zen Arranon. Arrano elkarteak berak eta Egia Euskarazek antolatutako saioan Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña aritu ziren bertso-lanetan eta Ibon Guerra gai-jartzaile.

100 bat lagun ez hain gazte bildu ginen bertan, gazteenek prestatutako afariarekin bete genuen tripa eta gazteenen trikiakin bukatu ordu txikitan.

Donostiako bunkerra omen den Egia plastikozko hiria aldatzeko abiapuntua dela aipatu ziguten bertsolariek. Halaber, ETB erdalzalearen gainetik hegan egiteko gonbita luzatu ziguten txori txikioi; Euskaraldian parte hartuz, euskarari behar duen auspoa emateko.

Oherako bidean munipek gidatutako Maialenen kotxea irudikatu du batek baino gehiagok, bertan Goia, Putin eta Trump doaz Mikel Erentxunen “Santa está en San Sebastián” entzuten. Bada, ez dezatela, Andonik bezala, Errenteriako rotondan buelta egin eta joan daitezela urrutira.

Mila esker bertaratutako guztioi, ederra izan zen!

Oharra: porrak irabazi nahi badituzue, jakizue, atzo, pitonisa batek Gipuzkoako txapelduna Beñat Gaztelumendi izango dela iragarri zigula.

,

Egia Euskaraz

Utzi erantzuna