Astiñene, eredu?

otsailak 26, 2022 | Egia Bizirik

Doakoa da hitz egitea. Donostian politika egiteko modu bat orokortu da: aurretiaz iragartzea proiektu handiak. Beti etorkizunari begira hitz egiten dute, sekula ez orainaz eta iraganaz. Donostiarrok entzuten dugu hobekuntzak egingo direla, epeak ematen dizkigute eta obren aurrekontuak ere egiten dira. Gero, iragarritako obra hori ez da ezarritako epearen barruan egiten. Berriz iragartzen dute obra bera, baina proiektu berri gisa. Eta badirudi bi obra egingo dituztela… edo gehiago.

Hor dugu Astiñeneko zubiaren obra. Alboan duen baserriarengatik du izen hori zubiak, eta, momentuz, haren alboan dago. Momentuz diot baserria erortzen uzten ari direlako. Jabeen utzikeriaren eta udalaren efikazia faltaren ondorioa da.

Behin eta berriro Loiolan uholdeak sortzen ziren. Hein batean, zubiak traba egiten zuelako. Eta orduan hasi ziren zubi baten inguruko iragarpenak. Izan ere, zubi berria 2013. urtean edo lehenago iragarri zuten. 2015ean udal aurrekontuetan sartu zuten. Ordea, udal hauteskundeen ondoren, udal gobernua aldatu zen, eta agintari berriek proiektua albo batera utzi zuten.

Zubiak ez dira betiko. 2017ko udan adierazi zuten zubi zaharra erabiltzea arriskutsua zela… eta itxi egin zuten. Hilabete ugari eman zituen itxita. Ehunka lagunek sekulako itzulinguruak eman behar genituen zubiaren faltan. Jendea haserretu zen. Orduan, bazirudien, azkenean, zubi berria berehala egingo zutela. Baina atzerapen gehiago sortu ziren: Kostaldeko Zuzendaritzari egotzi zioten errua, baimena ematen ez zuelako. 2017ko irailean, baimen hori lortuta, udalak lau haizetara zabaldu zuen hemezortzi hilabetean zubi berria eraikita egongo zela. Hau da, 2019ko martxorako. 2018ko udal aurrekontuan sartu zuten obraren diru zatia. Baina ez zuten esandakoa bete. Orduan ezta ere.

2018ko otsailean ziurtatu ziguten zubi berria prest egongo zela 2020ko udarako. Proiektu berri bat zirudien. Ordenagailuarekin egindako simulazioak erakutsi zizkiguten. Egian eta Loiolan sinetsi genuen oraingoan aurrera egingo zutela. Baina, berriz ere, ezjakinen antzera jokatu genuen. 2020ko urtarrilean aurreikuspena 2021era atzeratu zuten. Gero, 2021eko urrira. Esan zuten obraren aurrekontua igo egin zela, eta enpresa adjudikazioduna aldatu behar izan zutela. Berriz ere epeak luzatu zituzten, eta gu zubi berririk gabe. Aurtengo martxorako obra bukatuta egon zela da eman zuten azken epea. Oraingoan ere ez dute beteko?

Astiñeneko zubia soilik balitz… Egian atzeratzen eta garestitzen diren obren inguruko esperientzia luzea dugu: kolektorea, Plaza Haundiko estalkia, eta orain Iztuetako pasabidea. Ez dakite epeak eta kostuak behar bezala kalkulatzen? Ezjakinak teknikariak ala politikariak dira? Edo gu gara ezjakinak euren istorioak sinesten ditugulako?

Karlos Trenor
Egia Bizirik elkarteko kidea

Iturria: irutxuloko hitza
Argazkia: Xalba Ramirez

Egia Bizirik

Egiako Auzo Elkartea

Utzi erantzuna