Agur eta Ohore Juan Mari

irailak 3, 2021 | arkaitz

Gaur Juan Marik utzi gaitu. Hutsune handia utzi diguzu, baina eredu handia izan zara guztiontzat. Maite zaitugu!

 

Berriaren albistea:

Sortuk jakinarazi duenez, Juan Mari Jauregi militante independentista zendu da. 13/13 sumarioan auzipetua zegoen zortzi euskal herritarretako bat zen. Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi zen epaiketara joateaz salbuetsi zuten, haren osasun egoera zela eta. Torturak salatu zituen 2010eko apirilean atxilotu zutenean —atxiloketa horien ondorio da 13/13 sumarioa—. LABeko militante erretiratua zen orduan.

Sortuk eta 13/13ko gainerako auzipetuek «besarkada goxo eta sentikorra» eta elkartasuna adierazi diete Jauregiren senide eta hurbilekoei. 13/13ko auzipetuek adierazi dute «bereziki gogorra» egiten zaiela Jauregi agurtzea, «jakitun» direlako «2010eko atxiloketak eta haren ondorengo ibilbide luzeak» haiengan guztiongan izaten ari diren eraginaz: «Guk bezalaxe, estatuen bortizkeria pairatu dugun euskal herritar guztiok dakigu zein sakona den eragiten digun zauria». 13/13ko auzipetuentzat «elkartasun, konpromiso eta duintasun eredu» da Jauregi, «bere bizitza osoan eta azkan hatsa arte gure ondoan izan dugulako, bai gure sumarioaren atzean dauden estatu interesak salatzeko, nola presoei bere elkartasuna eta maitasuna adierazteko edo Euskal Herriaren aitortza aldarrikatzeko»..

Sortuk ere salatu du Jauregik «konponbide demokratikoaren alde apustu egiteagatik» pairatu behar izan zuen «infernua»: «Atxilotzean oso modu basatian torturatu zuen Guardia Zibilak Juan Mari, erabateko inpunitatez, bere lekukotzak erakutsi zuen moduan». Ezker abertzaleak gogoratu du 13/13 auzian epaitzen ari diren euskal herritarrak garai hartan «lanean» ari zirela EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa «agertoki berrira egokitzeko, presoak agertoki hartan eragile aktibo izan zitezen». Sorturen hitzetan, «estatuaren biolentziaren biktima» da Jauregi: «Torturak osasuna kaltetu ez ezik sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin».

Hilaren 12an, manifestazioa

Sortuk iragarri duenez, 13/13 makroepaiketaren aurka manifestazioa eginen dute irailaren 12an. 13:30ean abiatuko da, Donostiako Bulebarretik: «Bakea eta irtenbide demokratiko bat bilatu duten militante politikoen aurkako epaiketa politikoek behingoz amaitu behar dute. Oraindik indarrean den biolentziak, Estatuaren biolentziak, amaitu behar du. Bada garaia».

Berriako albistearen orria

arkaitz

Argazki Bat Behelainoan, Gora Egia! eta Gordegiako kidea eta auzoko soinu ekipoaren kudeatzailea

Utzi erantzuna