40 urte erail zituztela
urtarrilak 15, 2026 | Sortu - Egia
Duela 40 urte, 1986ko urtarrilaren 15ean, Guardia Zibilak Donostiako 3 gazte hil zituen: Egiako Bakartxo Arzelus, Alde Zaharreko Luisma Zabaleta eta Antiguako Alejandro Auzmendi “Satza”.
Garai hartan, Frantziako gobernuak GALi ematen zion laguntza eta euskal militanteen estradizioak salatzeko produktu frantziarrei boikota egiteko kanpaina martxan jarri zen. ETAk produktuak merkaturatzeko egitura eta ondasunak militarki erasotzeari ekinez kanpainaren alde agertu zen. 1986ko urtarrileko gau hartan, hiru militanteak Bilbao-Behobia autobidearen ondoan zeuden Frantziako interesen kontra ekintza bat egiteko asmoz. Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan zeuden, Artxipi eta Txurdiñene baserri bideak lotzen dituen tunelaren inguruan. Guardia Zibila ordea, euren zain zegoen zelatan.
Bertsio ofizialaren arabera, ETAko militanteak izan ziren armak erabiltzen aurrenak; Guardia Zibilak erantzun besterik ez omen zuen egin. Senideek eta abokatuek, aldiz, nahita hiltzera egindako tiroketa bortitz baten ondorioz hil zituztela ondorioztatu zuten. Izan ere, autopsiak, kontraesanak agerian utzi zituen.
Hilotzek buruan zituzten zauriak, Bakartxoren kasuan, zentimetro gutxira egindako tiro batek eraginda. Gerora jakin diren beste datuek ere militanteak hiltzeko prestaturiko operazio ilun baten zantzuak ekarri dituzte argitara. Gau euritsu hartan, Guardia Zibilak bazekien hiru kideak puntu hartan bertan ekintza bat burutuko zutela. Informazio Zerbitzuko bi ofizial eta Mikel Zabalza Endarlatsara eraman omen zuen Guardia Zibileko tenientea gertaeraren lekuan zeuden, baita GAReko beste kide batzuk ere. Inor bizirik ez ateratzea zuten aginduta. Galindoren morroiek nahi zutena egiteko baimen osoa zuten.
Bakartxo Arzelus Arzelus, 1961ean jaioa eta 1986ean eraila.
Bakartxo oso ezaguna zen Egian, emakumeen egoerarekin kezkatuta, Egiako emakumeen taldean parte hartzen zuen. Aldi berean, oso aktiboa zen auzoko Amnistiaren Aldeko Gestoran eta Arranoko kidea bazen. Donostia egunean elkarteko danborradan jotzen zuen. Ezagunek kontatzen dutenez, pertsona sentibera eta amultsua zen, nahiz eta izaeraz gogorra eta presatia izan, bizitzari ahalik eta azkarren zukua atera nahiko balio bezala. Hil zituztela berrogei urte joan diren honetan, bere danborradakoek barrilaren tarrapatari segida ematen jarraitzen dute, bere ametsak ortzi-mugan.
Alejandro Auzmendi Ilzarbe “Satza”, 1958an jaioa eta 1986ean eraila.
Alde zaharrean jaio bazen ere umetan Antiguara joan ziren bizitzera. Ez zen ikasle oso ona izan eta 15 urterekin iturgin bezala hasi zen lanean. Bertan hamaika ika-mika izan zituen nagusiarekin. Koadrila Amaran egin zuen eta beraiekin ibiltzen zen parrandan. Berandutzen zenean croissantak eta loreak eramaten zituen gurasoen etxera. Danborradan ateratzea gustuko zuen, baita inauterietan mozorrotzea ere. Kirolaria ere bazen, palan aritzea atsegin zuen eta bizikleta gainean kilometro ugari egiten zituen. Donostiako San Silvestrea antolatzen ibili zenez urteetan proba honek bere izena eraman du, debekatu zuten arte. Aita eta aitona gerra zibilean asko sufritutakoak izan ziren. Satza Amnistiaren Aldeko Gestoretan eta Herri Batasunan ibili zen.
Luis Mari Zabaleta Mendia, 1952an jaioa eta 1986ean eraila.
Luisma Zabaleta sortez Legazpikoa zen arren, 16 urte arte Zumarragan bizi izan zen. Gurasoek La Salle eskolako ikasketak ezin ordaindu eta Patricio Etxeberrian hasi zen lanean. Lantokian bertan hasi zen Euskal Herriaren alde inplikatzen, LAB sindikatuan besteak beste. 1982an Donostiara etorri zen bizitzera. Luisma poeta zen, hankak ondo jarriak zeuzkan poeta. Zintzoa, fidela, alaia eta jendearengan sinisten zuen: “Jendea ona da izatez, eta zintzo jokatzen duzun neurrian bestearen konfiantza irabaz daiteke”. Bolada batez Sebastopoleko titiriteroekin ibili zen. Luismaren anaia, Gotzon, iparraldean errefuxiatuta zegoela, GALen atentatu batean zauritua izan zen.
Harro hadi Kantauri itsasoa ta heien betiko loa betiko kantazan.
Sortu - Egia
Egiako Sortu